Login | Nueva Cuenta | Buscar
KEPASAKONLAKASA ETA ETXEBIZITZA DUINAREN ALDEKO MUGiMENDUAK
Nork zion, aurreko maiatzan, gazteria edateko eta makrolitradak antolatzeko soilik zela gai? Jakingo duzuenez, udaberrian bat-batezko mugimenduak agertu ziren hiri askotan, euren udaletxeen aurrean eserialdiak eta manifestaldiak aurrera eramanez. Helburua: etxebizitza duin eta eskuragarriak behingoz eskatu eta espekulazioaren kontra jokatu. Horrez geroztik taldeak hezi egin dira, bai kide kopuruan, bai edukien kalitatean. Komunikazio hedabideak azkenaldian denboraldi honetarako berria aurkitu dute hemen, hiri ezberdinetan egindako ekintzen kronikak argitaratuz. Edozein momentutan itxi dezakete iturria eta protestak “desagerrarazi”, baina oraingoz lortzen ari da asanblada eta plataformek proposatutako lehen pausoa: talde antolatuak daudela eta denon artean presio geldiezina sor dezakegula erakustea.
Eserialdiak, manifestaldiak, okupazioak, aldarrikapen ikusgarriak Ikean edota Etxebizitzaren Ministerioaren aurrean, antzezlanak… denetarik ideiatu dute estatuko puntu ezberdinetan jende ohiaz osatutako talde hauek, ulertzeko oso erraza den zerbait adierazteko: hiritarren eskubide esplizituak ezin dira negozio bilakatu. Ez al du Estatuak osasuna edo hezkuntza bermatzen? Ba, era berean dio, hain goraipatua den Konstituzioaren 47. artikuluan, hiritar guztiek etxebizitza duin batera heltzeko eskubidea dugula. Nola onar daiteke orduan zorua salgai egotea? Nola onar daiteke legeak pisu eta etxeen prezioak ez ezarri edo mugatzea? Baina onartzeaz gain, nola uler daiteke? Momentua da begiak irekitzeko: ez dago une honetan, alderdi bakar bat ere, legepean edo legez kanpo, hau ekiditeko ezer serioa egin duenik. Interes pribatuak daudenean, hiritarren interesak atzerantz doaz.
Garbi gelditu da hau asanblada sorberrietan, eta emaitzak mamitsuak izaten ari dira. Aurreko urriaren bukaeran Asamblea Contra la Precariedad y por una Vivienda Digna de Madrid taldeak antolatutako manifestaldian 12-15 mila bat lagun elkartu ziren guzti honen aurka altxatzeko. Aldarrikapenen laburpena: Espainian 3 milioi etxebizitza huts daude. Euren jabeei bi aukera eman behar litzaieke Gobernuak: zerga gogor-gogorra ordaindu ala alokatze poltsa sozial batean pisua izenpetzea. Bestalde, Madrileko Asanbladak zorua babestutzat ematea exijitzen dio baita ere Gobernuari. Gezurra dio beraz mugimenduen eskaera “etxebizitza bat nahi dut!” sinple eta infantil bat dela dionak. Neurri bideragarri eta konkretuak jarri dira mahai gainean. Kasurik ez bazaie egiten, zeozergatik izango da.
Baina ez uste talde hauek Madril edo Bartzelonan ematen direla soilik. Sevillan edo Zaragozan, esate baterako, gogor ari dira lanean baita ere. Eta gure hirian, Donostian, atera ziren batzuk aldi berean, maiatzan, protestak aurrera eramateko. Gutxi ziren orduan (gutxi baitira hemen zerbait aldarrikatzeko eta kalera irteteko buru baten beharrik ez dutenak), baina etsi beharrean eta kopuruaren handicapa gaindituz joan dira pixkanaka hazten.
Kepasakonlakasa izena jaso zuen taldeak. Ez dago haien artean pertsona juridikorik, eta guztiz ireki eta horizontala da. Independentea da: inorena ez izanda, denona da. Lanean ibili dira hilabete hauetan zehar, eta kontzientziatze ekintzak prestatu eta aurrera eramaten ari dira. Hala ere, beharrezkoa da taldea handitzea. Ez bakarrik eginbeharreko lana handia delako; arrazoi nagusia hiritarren eskubideak defendatzeko hiritarren legitimazioa behar dela da. Ez dago marken beharrik, ez dago inolako nahi korporatibistarik. Sinpleki esanda: iritsi da momentua eskubideekin jolasten ari direnei “bukatu da” esateko. Gazte ala nagusi, ikasle edota langile, hipotekatu ala ez hipotekatua, guzioi iristen zaigun arazoa da. Lotsa galdu eta nagiak atera beraz, goian daudenei txolloa galtzear daukatela erakusteko.
Informazio gehiago: www.kepasakonlakasa.googlepages.com eta www.nireblog.com Kepasakonlakasaren guneak (sortu berriak eta behin behinekoak)
www.vdevivienda.net : Beste toki batzuetako asanbladak.
Etiquetas: kepasakonlakasa mugimendua movimiento etxebizitza vivienda digna duina
Ésto es un Wiki así que si qieres añadir o modificar algo puedesEditar ésta página y escribir lo que quieras, recuerda que se guardan copia de todas las modificaciones anteriores para evitar el gamberrismo
Si quieres puedes crear una Nueva página y si tiene relación con ésta etiquetarla igual.
Contactar | Ayuda | Condiciones | Acerca de GuGara | Otros Sitios: NiNaiz.com | Nireblog
Sitio desarrollado, diseñado y gestionado 100% con Software libre: GNU/linux, GIMP, PHP, MYSQL, APACHE, ...